Albiste guztiak
| 09/05/2013 · Iturria: MAGRAMA |
Ortzadar-amuarrainaren parasito berri bat 2011. urtearen amaieran, ordura arteko arrain-gaixotasun ezagunekin bateragarria ez zen koadro klinikoa atzeman zuten Suediako ortzadar-amuarrainen abeletxe batean. Animaliek orban beltzak zituzten isats-hegalaren barnealdean, burezurra puztuta (burezur barneko presioa handitzearen ondorioz), eta bizkarraldeko hezur-muskulaturaren nekrosi handia. 2012. urtearen hasieran, azterketa epidemiologikoa egiten hasi ziren. Kaltetutako abeletxeko arrainei zein eremu bereko beste abeletxe batzuetako arrainei laginak hartu zizkieten, bai eta basa-arrainei ere. Azterketak agerian utzi zuen parasito berri bat zela eta beste ortzadar-arrain batzuetara transmititzeko gaitasuna zuela. Gaur egun arte, kaltetutako abeletxean baino ez da atzeman patogeno berria; baina, basa-arrainetan egindako azterketaren emaitzen zain daude, zehazte aldera parasitoa Estatu Batuetako arraben bidez sartu ote zen. Hain zuzen ere, horixe da orain arteko hipotesi onargarriena, edo arrainak ur kontinentaletan kutsatu zirela, gordailu basatien bidez. Suediako Erreferentziazko Laborategi Nazionala (SVA) parasitoa karakterizatzen eta parasito atzemateko PCRa egiten ari da orain. |
|
|
Abeltzaintzaren albisteak
| 28/05/2013 · Iturria: MAGRAMA |
Agintari, elikagai-enpresa eta animalia-jatorriko azpiproduktuen sektorerako gidaliburua da, eta bere xedea da zenbait elikagai-establezimendutan sortutako azpiproduktuen sailkapenari eta jomugari buruzko alderdi batzuk argitzea. Horretarako, gidaliburu hori egitean aintzat hartu da azpiproduktuen legediari buruzko galdera ohikoenak eta gai eztabaidagarrienak. Gidaliburua: elikagai-establezimenduetako SANDACH Aukerako lotura |
|
|
| 23/05/2013 · Iturria: CE |
Elikan RASFF eta RASVE Alerta Sareen txostenak egin ditugu, animalien elikaduraren, elikagaien eta animalien gaixotasunen inguruan 2013ko lehenengo lauhilean Europan egindako jakinarazpenen laburpenekin: - RASVE Animalien gaixotasunen txostena
- RASFF Elikagaien txostena
- RASFF Animalien Elikaduraren txostena
Gure web-aren Alertak Jakinaratzea atalean aurkitu ditzakezu. |
|
|
| 22/05/2013 · Iturria: MAGRAMA |
Patogenotasun Eskaseko Hegazti-gripearen fokua Espainian Lleidako haragitarako oiloen ustiategi batean 12.000 hegazti baino gehiago hil behar izan dituzte, Patogenotasun Eskaseko Hegazti-gripearen (PEHG) fokua atzeman baitute. Ustiategiko albaitariak fokua zegoela susmatu ostean, legeriak ezartzen duen jarduera-protokoloari jarraikiz, kaltetutako ustiategia geldiarazi egin zen, bai eta 3 km-ko inguruan zeuden ustiategiak ere. Azken horiei dagokienez, ustiategi bakarra izan zen, eta gerora aztertutako laginetan negatiboa eman zuen. Honako hauek izan ziren atzemandako lehenengo sintomak: - Pentsu-kontsumoaren % 50eko murrizketa.
- Ur-kontsumoaren % 10eko murrizketa.
- Depresio nabarmena. • Beherakoa.
- Lau egunetan errunaldiaren % 30eko murrizketa.
- Sei egunetan, batez beste, % 1eko heriotza-tasa (133 hegazti hil eta gutxi gorabehera 2.000 kaltetu).
Maiatzaren 16an (osteguna) Algeteko Albaitaritzako Laborategi Zentralak egiaztatu egin zuen hegazti-gripearen A birusa zela, H7N1 azpimota, eta ukatu egin zuen Patogenotasun Altuko Hegazti-gripea zenik. Egun berean, inkesta epidemiologikoa egiten hasi ziren, jakitearren zein izan zitekeen fokuaren jatorria eta zein ustiategi egon zitekeen arriskuan:hegazti bizien mugimenduak, arrautzak eta ibilgailuak, bai eta ibilgailu horiekin kontaktua izan duten abeltxeen kontrola ere. Maiatzaren 17an (ostirala) kaltetutako ustiategiko 13.000 hegazti inguru hil zituzten, eta txitatzeko150.000 arrautza, gorpuzkiak eta birusa garraia zezaketen gainerako gai kutsagarriak suntsitu zituzten. MAGRAMAren berria Elikaren fitxa Hegazti-gripeari buruz |
|
|
| 17/05/2013 · Iturria: CE |
Datozen asteetan, Europako Batzordeak (EB) onetsi egingo du neonikotinoideen familiako 3 plagiziden erabilera (clotianidina, imidacloprid eta tiametoxam) 2 urteko epean murrizteko proposamena. Erabaki hori Elikagaien Segurtasuneko Europako Erakundeak (EFSA) eginiko zientzia-txosten baten ondorio da. Txosten horretan “arrisku akutu handi”-tzat jotzen dira erleentzat, batetik, plagizida horien hautsarekiko esposizioa zenbait uztatan (artoa, laboreak eta ekilorea) eta, bestetik, plagizida horien hondakinekiko esposizioa hainbat uztatako polen edo nektarrean (koltza, ekilorea edo artoa). Honako hauek dira Batzordeak estatu kideei eginiko proposamenaren puntu nagusiak: - Hiru neonikotinoideren erabilera(clotianidina, tiametoxam eta imidacloprid) murriztea haziak tratatzeko, lurrean aplikatzeko (pikorrak) eta erleentzat erakargarriak diren landareen hostoak eta laboreak tratatzeko.
- Gainerako erabilera baimenduak profesionalentzat baino ez xedatzea.
- Salbuespenak honako hauetara mugatuko dira: erleentzat erakargarriak diren uztetan erabili ahalko dira negutegietan eta aire zabaleko zelaietan, baina soilik loratu ostean.
- Murrizketak 2013ko abenduaren 1etik aurrera aplikatuko dira.
- Informazio berria eskura izatean, eta gehienez ere 2 urteko epean, Batzordeak gainbegiratu egingo ditu 3 neonikotinoideak onesteko baldintzak, betiere aintzat hartuta zientzia- eta teknika-aurrerapenak.
Informazio gehiago- EFSAren txostena |
|
|
Animalien Elikagaien albisteak
| 20/06/2013 · Iturria: EFSA |
EFSAk duela gutxi egin du balioespen bat Europako elikagai, pentsu eta prozesatu gabeko hazien 13.164 laginen inguruan, eta honako hauek dira balioespen horren ondorioak: - Nibalenolaren batez besteko kontzentrazio handienak honako hauetan atzeman ziren: oloa, artoa, garagarra, garia, eta produktu eratorriak.
- Laboreek eta laborez egindako elikagaiek areagotzen dute mikotoxina horiekiko esposizioa gizakien artean; Bereziki, opilgintzako produktuek, hazia ehotzetik eratorritako produktuek, pastak, gozogintza finak eta gosarietarako laboreek.
- Animalien esposizio-bide nagusia hazien eta produktu eratorrien ingesta da.
- Mikotoxina honen toxikozinetikari buruzko informazioa oso mugatua da. Beste alde batetik, ebidentzien arabera, nivalenola ez da genotoxikoa, baina bada immunotoxikoa eta hematotoxikoa.
- Panelak honako TDI (Eguneko Ingesta Toleragarria) hau ezarri du: 1,2 µg/gorputz-pisuaren kg/egun.
- Zenbatetsitako esposizio kronikoa oinarri hartuta, ez dago arriskurik giza osasunerako.
- Animaliei dagokienez, txerri-aziendarentzako eta hegaztientzako afekzioa baino ezin izan da zenbatetsi, eta atzeman da espezie horientzako arriskua txikia dela.
Iritzia: Nivalenola |
|
|
| 12/04/2013 · Iturria: EFSA |
Animaliak elikatzeko gehigarrien eta produktuen EFSAko adituen panelak (FEEDAP) dio L-zistina gehigarria eraginkorra dela, animalia espezie guztientzat sufrea duten aminoazidoen betekizunak zati batean betetzen baititu. Europako Batzordeak hala eskatuta, FEEDAPek zientzia-irizpena eman du animalia espezie guztientzako L-zistinaren inguruan. Honako hauek dira irizpenaren ondorio nagusiak: - L-zistina aminoazidoa segurua da animalia espezie guztientzat, baldin eta sufrea duten aminoazidoetarako betekizunak errespetatu egiten badira.
- Segurua izateko, dietari gehitu ahal zaion gehienezko L-zistina kopurua sufrea duten beste aminoazido batzuen kopuruaren araberakoa izango da.
- Gehitutako L-zistina ez da animalien ehunetan metatzen; izan ere, gorputzeko proteinei gehitzen zaizkie edo metabolizatu eta iraitzi egiten dira.
- Gehigarriak ez du substantzia toxikologikorik. Hortaz, animalientzako elikagaietan L-zistina erabiltzea ez da arriskutsua kontsumitzaileen segurtasunerako.
- Zentzuzkoa litzateke onartzea azalaren, begien eta arnas-traktuaren esposizioa arriskutsua dela; izan ere, EFSAren arabera, nahiko daturik ezean, L-zistina narritagarritzat jo behar da azal, begi eta muki- mintzetarako, bai eta azal- sentsibilizatzaile posibletzat ere.
- Azkenik, L-zistina aminoazidoa pentsuetan gehigarri gisa erabiltzea ez da arriskutsua ingurumenarentzat.
Zientzia-iritzia: L-zistina |
|
|
| 25/03/2013 · Iturria: CE |
EBk erabaki du merkaturik baztertzea pentsuetarako 1.200 gehigarri inguru, substantzia aromatizatzaile eta zaporetzaile gisa zehaztutakoak. Salbuespena izan dira animalia-espezie jakin batzuekin edo animalia-espezieen kategoria jakin batzuekin erabiltzeko baimen-eskaerak aurkeztu dituzten gehigarriak. Erabaki hori Europar Batzordea (EB) egiten ari den berrikuste-prozesuaren baitan hartu da; zehazki, animalia-elikaduran erabiltzen diren gehigarriak aztertzen ari dira, bermatze aldera horiek modu seguruan eta egokian erabiltzen direla. Horretarako, EB 1831/2003 Araudiak ezarritako prozedura erabiltzen ari da. Araudi horrek araupetzen du animalien elikaduran gehigarriak erabiltzea eta baimena emateko arrazoiak eta prozedurak. Zehazki, 10. artikuluan xedatzen dira ezarpenok (baimendutako gehigarriak berrikusi beharra ezartzen du). Bk 2013ko martxoaren 14ko 230/2013 zenbakiko Exekuzio Araudiaren bidez eman du “substantzia aromatizatzaileak eta zaporetzaileak” taldeko pentsuetako gehigarri batzuk baztertzeari buruzko erabakiaren berri. Baimendu gabeko 1.200 gehigarriak aipatutako araudiaren eranskinean zehazten dira. |
|
|
| 20/02/2013 · Iturria: DDEI-GV |
Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoa eta Berrikuntza Sailak duela gutxi argitaratu du pentsuen etiketatuari buruzko gidaliburuaren bertsio berria. Horretarako, pentsuak merkaturatzeari eta erabiltzeari buruzko 767/2009 Araudian oinarritu da. Bertsio horretan legedia berriko baldintzak sartu dira, bai eta aipatutako araudiari eragiten dioten berrikuntzak ere. Halaber, enpresek etiketen autoebaluaziorako erabil dezaketen checklistaren bertsio berria ere gehitu da. Azkenik, bertsio horrek eguneratu egin du 767/2009 araudiaren interpretazio edo aplikazioaren inguruko galderei emandako erantzunen atala (05 kapitulua). 05 kapituluan biltzen diren erreferentziak MAGRAMAren animalien elikaduraren arloko Koordinaziorako Batzorde Nazionalak egindako Dokumentutik hartu dira (2012ko urriaren 9a). Gidaliburua: pentsuen etiketatua (2013ko otsaila) |
|
|
Elikagaien industriaren albisteak
Orokorrak
| 29/05/2013 · Iturria: AESAN |
Bizimoduari eta Bizitza-luzerari buruzko 1. Inkesta Nazionalaren emaitzen arabera, gehiegikeriarik gabe jateak eta egunero ariketa fisikoa egiteak bizitza luzatzen dute. Inkesta 80 eta 104 urte bitarteko 242 pertsonari egin zaie, eta honako hauek dira ondorioak: - Inkesta erantzun dutenen % 31,5ek elikagaien murrizketa-garairen bat jasan dute gutxienez 2 urtean, gerran eta gerra ostean. Egoera hori osasunarentzat kaltegarria da, gorputzak ez baititu hartzen behar dituen substantzia guztiak. Nolanahi ere, kopuru txikiak jatea osasungarria da eta gomendagarria bizitza luzatzeko.
- Inkestatuen % 9,6k baino ez dute uste beraien egungo osasuna txarra dela. Gainerakoek adierazi dute egoki elikatzen direla eta horrek eragina duela osasunean. Osasun ona dutela diotenek beraien bizitzako zati handi bat landa giroan eman dute, eta egunero jaten dituzte 3 fruta-ale edo gehiago.
- % 63,4k uste dute euren bizitzan elikadura arrunta izan dela, eta beti izan dutela pisu egokia. Inkestatuen % 64k garaian garaiko dieta izaten dute, fruta, barazki eta arrain ugarikoa (dieta mediterraneoa).
3 elementu giltzarriak bizitza osasungarria izateko Elikadura ohiturak: txikitatik jaso behar dira elikadura ohiturak, bizitza osoan eutsi behar zaie eta adinaren arabera egokitu. Horrela, helduaroan ohitura osasungarriagoak izan behar dira: fruta, ortuari eta arrain gehiago kontsumitu behar dira eta haragi gorri, opilgintzako produktu eta freskagarri gutxiago. Ariketa fisikoa: gaur egungo bizimoduaren ondorioz, gutxiago mugitzen gara eta gehiago jaten dugu. Egunero kirola egitea ezinbesteko faktorea da bizi-kalitatea ona bermatzeko. Berrogei urtean 700 kcal baino gehiago egin du gora eguneroko kaloria-ingestak. Bizitza soziala: burua elikatu egin behar da bizitza sozial aktiboaren bidez. Ondorioa Gure dietak arina izan behar du, honako hauetan oinarrituta: fruta eta barazkiak, arraina, fruitu lehorrak, lekaleak, labore integralak eta oliba-olioa. Sasoian sasoiko eta tokiko produktuek zein egunero ariketa egiteak hobeto zahartzen lagunduko digute. AESANen oharra -Bizimoduari eta Bizitza-luzerari buruzko Inkesta Nazionala- FESNAD – Nutrizio, Elikadura eta Dietetika Elkarteen Espainiako Federazioa- |
|
|
|
|