elika Hemen zaude: Produkzio-sektoreak / Elikagaien industria / Etiketatzea eta Trazabilitatea elika

Etiketatzea eta Trazabilitatea

NBEK GOGORTU EGIN DITU MELAMINARI, MARISKOARI, MELOIEI, PIKU LEHORREI ETA ETIKETATZEARI BURUZKO ARAUAK 12/07/06

Egile: FAO

NBEtako elikadura normalizatzeko organismoak arau berriak ezarri ditu, eta horien artean bularreko umeentzako prestakin likidoetan gehienez ere egon daitekeen melamina-kopurua zehaztu da. Helburua da mundu osoko kontsumitzaileen osasuna babestea. Hartutako beste neurri batzuk, honako hauek dira: elikagaien kaltegabetasun-arauak itsasoko produktu, meloi eta piku lehorretarako, baita elikagaiak etiketatzeko ere.

Codex Alimentariusaren batzordeak (Elikadurarako eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundeak –FAO– eta Osasunerako Mundu Erakundeak –OMS– elkarrekin kudeatzen dutena) nazioarteko elikadura-arauak ezartzen ditu elikagaien kaltegabetasunaren eta kalitatearen inguruan, elikagai nutritiboagoak eta kaltegabeagoak sustatzeko, mundu osoko kontsumitzaileei begira. Codexeko arauak kasu askotan baliagarriak dira estatuetako legeak egiteko oinarri gisa, eta eredugarriak dira elikagaien nazioarteko merkataritzan.

Melamina

Melamina hilgarria izan daiteke kontzentrazio handitan, eta legez kanpo erabili izan da elikagaietan itxurazko proteina-edukia handitzeko (bularreko umeentzako prestakinak eta esne-hautsa barne). Melaminarekin kutsatutako esneak adin txikiko umeen heriotzak eta gaixotasunak eragin ditu. Orain dela bi urte, Codexaren batzordeak gehienezko melamina-maila onetsi zuen: 1 mg/kg bularreko umeentzako prestakin-hautsari dagokionez eta 2,5 mg/kg bestelako elikagai eta pentsuetarako. Batzordeak orain bestelako gehienezko melamina-muga ezarri du, 0,15 mg/kg, umeentzako esne likidorako.

Melamina baxerak eta sukaldeko tresnak egiteko erabiltzen da, beste industria-erabilera batzuen artean. Muga berri horri esker, gobernuek kontsumitzaileak babestu ahal izango dituzte. Zehazki, zehaztu ahal izango dute atzemandako melamina-mailak osasun-arazoak ez dakartzan kutsatze ekidinezinaren ondorio diren ala nahita egindako faltsutzearen ondorio diren.

Piku lehorrak eta aflatoxinak

Aflatoxinak lizunek ekoitzitako mikotoxinen aldaera toxiko bat dira, eta ezagun da minbizia eragiten dutela. Hainbat produktutan (hala nola, fruitu lehor, espezia eta laboreetan) maila handiak egon daitezke behar bezala biltegiratu ez badira. Batzordeak gehienezko segurtasun-muga ezarri zuen: 10 mikrogramo / kilogramo bakoitzeko piku lehorren kasuan. Halaber, laginak hartzeko jarraibideak ere eman ziren.

Meloiak

Aldez aurretik moztutako meloi-xerrak zabaltzearekin batera, osasun publikoan arazoak sortzen ari dira. Airearekin kontaktuan dagoen frutaren mamia bakterioak hazteko leku apropos bihur daiteke. Hori heriotza eragin dezaketen salmonellaren eta listeriaren agerrerekin lotu da.

Batzordeak aldez aurretik moztutako meloiak albait arinen ontziratzea edo biltzea eta hoztea gomendatu zuen, baita 4 °C-tan edo tenperatura baxuagoetan banatzea ere. Halaber, albait arinen hoztea eta hotz gordetzea gomendatu du uzta bildu ondoren. Xerrak ebakitzeko edo zuritzeko erabilitako aiztoen ahoak, bestalde, maiz desinfektatu behar dira.

Itsasoko produktuak eta birusak

Itsasoko produktuen elikadura-higienea, bereziki moluskuei (muskuiluak eta ostrak) dagokiena, oso garrantzitsu bihurtu da elikagaien kaltegabetasunari begira. Batzordean zenbait prebentziorako zenbait higiene-neurri hartu zituen, elikagaien bidez transmititutako birusak kontrolatze aldera. Birusek, oro har, bakterioek baino erresistentzia handiagoa dute eta gorozkien edo ahoaren bidez transmititzen direnak hilabeteak egin ditzakete molusku bibalbioetan, lurrean, uretan eta sedimentuetan. Izoztea, hoztea, UV erradiazioa eta desinfekzioa jasaten dituzte, baina beroarekiko sentsibleak dira.

Elikagaien bidez transmititutako birus-gaixotasunen artean daude A hepatitisa eta norobirusa. Batzordeak adierazi zuen moluskuen (ostrak eta muskuiluak) ekoizpenerako arrisku nagusia haztegitzat dituzten uren kutsadura biologikoa dela. Hori dela eta, garrantzitsua da itsasoko uraren kalitatea zaintzea hazkuntza-lekuetan, Batzordearen arabera. Birus-kutsadura gertatzeko aukerak daudenean edo kutsadura gertatu dela baieztatzeko frogak daudenean, honako hauek gomendatzen dira: eremua ixtea, kutsatutako moluskuak deuseztatzea eta/edo, jada kontsumitutako hartutako moluskuen kasuan, tratamendu termikoa ematea.

Nahitaezko nutrizio-etiketatzea

Codexak gomendatzen du mundu osoko elikagaien ekoizleek euren produktuen nutrizio-edukia etiketatzea, kontsumitzaileei informazio hobea emateko. Aholkua bat dator OMSko Elikadura Erregimenari, Jarduera Fisikoari eta Osasunari buruzko Estrategiarekin, eta aurrerapauso garrantzitsua da mundu osoan elikadura osasungarria sustatzeko. Codex Alimentariusaren Batzordea orain dela 49 urte sortu zen eta uztailaren 2tik 7ra bilduko da. Guztira 184 herrialde ordezkatzen dituzten 600 ordezkari egongo dira, Europar Batasuneko ordezkariekin batera.

MAHASTIZAINTZAKO ETA ARDOGINTZAKO ZENBAIT PRODUKTUTAN ALERGENOAK IZAN DAITEZKEEN OSAGAIAK ETIKETATZEKO AIPUAK EZARRI DIRA 12/07/06

Egile: UE

Argitaratu da Batzordearen 579/2012 Betearazpen Arautegia (EB), 2012ko ekainaren 29koa, 607/2009 (EB) Araudia aldatzen duena. Azken horren bidez, Kontseiluaren 479/2008 (EB) Araudia ezartzeko zenbait xedapen eman ziren, jatorri-izendapenari, adierazpen geografiko babestuari, etiketatzeari eta mahastizaintzako eta ardogintzako zenbait produkturen aurkezpenari dagokienez.

Euren ahalmen alergenikoaren ondorioz elikagaietako etiketetan agertu behar duten osagaiak dira. Adierazi behar horrek bolumenean % 1,2 alkohol-maila baino handiagoa duten edariei ere badagokie, eta aldi baterako salbuespen bat zuen: 2012ko ekainaren 30ra arte merkaturatu edo etiketatutako ardoak, 1234/2007 (EB) Araudiko XI eranskinean definitutakoak.


Produktu horietan esne- eta arrautza-osagaiak daudela adierazteko aipuak ezarriko dira 2012ko eta ondorengo urteetako uztetan jasotako mahatsekin guztiz edo zati batean egin diren ardoetan eta 2012ko ekainaren 30aren ondoren etiketatutakoetan.

579/2012 Betearazpen Arautegia (EB)

ELIKAGAIEN INGURUAN KONTSUMITZAILEEI EMATEN ZAIEN INFORMAZIOARI BURUZKO 1169/2011 (EB) ARAUDIA 12/06/26

Egile: ELIKA

ELIKAk Elikagaien inguruan kontsumitzaileei ematen zaien informazioari buruzko 1169/2011 (EB) Araudiaren liburuxka bat egin du, hurrengo informazioarekin: helburuak, data epeak, derriogorrezko informazioa eta bere aurkezpena, eta berrikuntzak.

<< Aurrekoa   11 orrialdetatik 4.a   Hurrengoa >>
ELIKA . Granja Modelo, z/g . 01192 . Arkaute (Araba) . Telefonoa: 945 122 170 . Faxa: 945 122 171 . berri@elika.net
RSS iturria
WEB orri honek ez du besteren publizitaterik eta ez du jasotzen publizitatetik eratorritako finantzaziorik.
AENOR
EKOSCAN
Euskararen Bidean
Diseño web Vitoria