PERTSONA ZAURGARRIENAK:
Adinekoak, haurdunak eta umeak


Adineko pertsonak, umeak, haurdunak eta inmunodeprimituak (edo gaixotasunak direla edo duela gutxiko ebakuntza dela) izaten dira elikagaiek transmititutako gaixotasunekiko kalteberenak; edo, era berean, gaixotasun horien ondorioak larriagoak izaten dira talde horien artean. Horregatik, pertsona horiek zenbait gomendio hartu beharko lituzkete aintzat gaixotasun horiek jasateko arriskua murrizte aldera. WEBGUNE honetako "Aholku Orokorrak" atalean aurki daitezke jarraitu beharreko gomendioak.

Haurdunek, gainera, aurreko gomendioez gain, neurri osagarri batzuk bete beharko dituzte. Honako hauek dira neurriok:

Listeriosia

Listeriosiak umekia jar dezake arriskuan edo arazoak eragin diezazkioke jaioberriari; beraz, jarraian zerrendatzen diren argibideak kontuan hartzeak murriztu egingo luke arriskua gutxieneko mailara.

Produktu hauen kontsumoa saihestu behar da:

  • Saltxitxak eta sakoteak, baldin eta kuzinatuta ez badaude.
  • Gazta bigunak (Feta, Brie eta Camembert motako gaztak), gazta urdinak, gazta zuria eta gazta freskoa, baldin eta esne pasteurizatuarekin prozesatuta ez badaude. Gazta mota horretan gaur egun ohikoa da, eta herrialde askotan derrigorrezkoa, esne pasteurizatua erabiltzea. Nolanahi ere, etiketan ziurtatu behar da produktua esne pasteurizatuarekin egin dela. Inolako arriskurik gabe jan daitezke gazta gogorrak (Cheddar, mozzarela motakoak), ogian zabaltzeko gazta pasteurizatuak, gazta krematsuak, gaztanbera eta jogurtak.
  • Hotzean gorde beharreko pateak edo haragi oreak (hoztuak), ogian zabaltzeko motakoak zehatzago.
  • Arrain ketu hoztuak (izokina, amuarraina, bakailaoa, atuna edo berdela), baldin eta kuzinatuta (adibidez, gisatuak) ez badaude.
  • Esne gordina (pasteurizatu gabea) edo esne gordina duten elikagaiak.

Toxoplasmosia

Ez da ohiko gaixotasuna, baina umekian osasun-arazo larriak eragin ditzake. Katuen parasito batek transmititzen duen gaixotasuna da, eta ia ugaztun guztiak kutsa ditzake. Gizakiak kutsa daitezke inolako sintomarik izan gabe, eta normalean ez du inolako arriskurik eragiten, haurdunetan eta inmunodeprimituetan izan ezik.

Arazoa sortu ohi da amak haurdunaldian izaten duenean estreinako kontaktua parasitoarekin. Amak aurretik kontaktua izan badu, arazoa izateko arriskua erabat murrizten da. Hala ez bada, eta erditze aurretik egindako probek esposiziorik izan ez dela adierazten badute, arriskua murrizteko neurriak hartu beharko ditu:

  • Saihestu egin behar da kontaktua bai katuekin, bai eta katuak bere beharrak egiten dituen lekuarekin ere. Katuen gorotza ukitzea baita infekzio-iturri nagusietako bat.
  • Haragia oso ondo eginda jan behar da, bai barrutik bai kanpotik. Kuzinatu gabeko hestebeteak saihestu egin behar dira, bai eta urdaiazpiko ondua ere. Urdaiazpiko onduaren gazitze eta lehortze prozesuek ez dute erabat ezabatzen parasitoa izateko arriskua; beraz, hobe da ez kontsumitzea.
  • Baratzea edo lorategia izanez gero, eskularruak erabili behar dira lurra ukitzeko. Parasitoaren aldaera batzuek lurrean iraun baitezakete denbora luzez.
  • Eskuak ondo garbitu behar dira bazkaldu eta janaria prestatu aurretik.
  • Ez da kontsumitu behar barazki edo landare gordinik, baldin eta aurretik ongi-ongi garbitzen ez bada.
  • Ez da jan behar ez arrautza gordinik, ez pasteurizatu gabeko esnerik.

Merkurioaren esposizioa

Oso gomendagarria da, bai haurdunentzat bai beste edozeinentzat, arraina kontsumitzea; izan ere, batetik gantz saturatuen oso kopuru txikia izaten du; eta, bestetik, Omega-3 gantz-azidoa, iodoa eta bitaminak ere izaten ditu. Nolanahi ere, haurdunaldian zenbait arrain ez jatea gomendatzen da.

Arrain horiek itsasoko harrapari handiak dira, eta substantzia "biometagarri" ugari izaten dituzte. Substantzia horiek arrain txikiek ahoratzen dituzte eta kate trofikoan zenbat eta goragoa joan, orduan eta handiagoa izaten da horren kontzentrazioa. Hau da, beste arrain batzuk jaten dituen arrain batek metatu egiten ditu, kanporatu gabe, bere bizitza osoan jan dituen arrain guztien substantzia biometagarriak. Horixe gertatzen da hain zuzen ere merkurioarekin. Merkurioa ingurumenean dago, eta itsasoko arrain handienetan meta daiteke metilmerkurio aldaera hartzen duelarik.

Arrain handi horiek hurrengo hauek dira: atuna, ezpata-arraina, lubaroa, marlina eta marrazoak. Haurdunaldian zuhurtziaz kontsumitu behar dira, beraz.

Elikagaien Segurtasunerako Europako agintariek gomendatzen dute astean bi arrain-anoa jatea gutxienez. Haurdunei dagokienez, kontuan hartu behar dira honako bi aholku hauek:

  • Astean ezin dira bi atun-anoa baino gehiago jan.
  • Ezpata-arraina, lubaroa, marlina edo marrazoak janez gero, astean anoa txiki bat baino ezin da jan eta aste barruan ezin da arrain gehiagorik jan.

alergia alimentaria tratamiento
imagen personas mas vulverables

Interesgarria izan liteke

HIGIENEA SUKALDEAN
Veiss www.elika.net

ELIKA . Granja Modelo, z/g . 01192 . Arkaute (Araba) . Telefonoa: 945 122 170 . Faxa: 945 122 171 . berri@elika.net