Dioxinez hitz egiten dugunean, oro har, hiru konposatu motari egiten diegu erreferentzia: Dioxinak, Furanoak eta PCBak.
Dioxinak eta Furanoak kutsatzaile kimikoak dira, hain zuzen ere industriak (errauskailuak, zementu-fabrikak, zentral termikoak...) ingurumenera isurtzen dituenak.
PCBak, berriz, nahita sortzen ziren garai batean transformadoreetan, kondentsagailuetan, pinturetan eta abarretan erabiltzeko; baina, 1985az geroztik debekatuta dago PCBak erabiltzea. Nolanahi ere, oraindik ere PCBak antzeman daitezke ingurumenean.
Horiek guztiak (Dioxinak, Furanoak eta PCBak) oso produktu iraunkorrak dira, eta nekez degradatzen dira. Hortaz, luze irauten dute ingurumenean.

Guztira 29 konposatu dira toxikoak. Horietatik 10 dioxinak dira, 7 furanoak eta 12 PCBak. Horietatik toxikoena TCDD izeneko dioxina dugu. TCDDa gizakiarentzat kartzinogenoa da. Ezin da ziurtatu gainerako 28 konposatuak kartzinogenoak direnik; beraz, "gizakiarentzat kartzinogeno posible"tzat hartzen dira.
Konposatu horiek, gainera, zenbait gaixotasunekin lotu izan dira, besteak beste: diabetesa, larruazaleko gaixotasunak, bihotzeko gaitzak, defentsen murrizketa, arazoak garapen neurologikoan, gibeleko eta ugaltze-aparatuko gaixotasunak.
Kutsatzaile kimiko horien kopuru txikiak antzeman daitezke animalia jatorriko elikagaietan: arraina, haragia, arrautzak, esnekiak eta olio eta koipeak.
Konposatu horien kopurua gero eta txikiagoa da elikagaietan; izan ere, neurri ugari hartzen ari dira ingurumenera egiten diren isuriak murrizteko.
Ikerketa ugari egin dira jakiteko zenbatekoa den euskal herritarrek dietaren bidez kontsumitzen dituzten dioxinen kopurua. Azterketa horiek guztiek adierazten dute dieta "eredu" baten bidez kontsumitzen diren dioxinen kopuruak ez duela gainditzen elikagai bat segurutzat hartzeko Europako agintariek gomendatutako muga.
Nazioarte mailan neurri ugari hartzen ari dira industriek dioxina eta furano gutxiago isurtzeko ingurumenera. Horri esker, antzeman da kutsatzaile horien kopurua gero eta txikiagoa dela elikagaietan.
PCbei dagokienez, 1985ean debekatu egin zen PCBak erabiltzea. Harrezkero, horien kopuruak ere behera egin du ingurumenean zein elikagaietan.
Nolanahi ere, konposatu horiek oso iraunkorrak dira eta zenbait hamarkadatan antzeman daitezke naturan. Horiek suntsitzeko prozesua motela da.
Dioxinak eta horien eragina gizakien osasunean. OMS.
Dioxinak eta Furanoak. Elikagaien Segurtasunerako Kataluniako Agentzia. ACSA.
KUTSATZAILE KIMIKO NAGUSIAK ELIKAGAIETAN
ELIKA . Granja Modelo, z/g . 01192 . Arkaute (Araba) . Telefonoa: 945 122 170 . Faxa: 945 122 171 . berri@elika.net