BENZOPIRENOAK ELIKAGAIETAN

Zer dira benzopirenoak? Nola sortzen dira?

Hidrokarburo Aromatiko Poliziklikoak (HAPak) dira benzopirenoak, hau da, materia organikoen (ikatza, petrolioa eta gasolina, hondakinak, tabakoa eta, besteak beste, haragia eta arraina) osatu gabeko errekuntzaren ondorioz sortzen diren konposatu kimikoak. Gantza neurriz kanpo erretzen denean (300ºC-tik gora) sortzen dira konposatu toxiko horiek. Beraz, horien presentzia estuki loturik dago kozinatzeko tenperaturarekin eta denborarekin; izan ere, tenperatura txikiagoa izanik (200ºC, adibidez) esposizioa luzea (30 minutu edo ordubete baino gehiago) den kasuetan ere sortzen dira benzopirenoak eta gainerako HAPak.

Nola sartzen dira elikakatean?

Bi bide daude Hidrokarburo Aromatiko Poliziklikoak (benzopirenoen taldea) elikagaietan sartzeko:

  • Ingurumena:

    Garatutako herrialdeetan, industria-jarduerak gora egin duenez, ingurumenera igortzen dira zura, petrolioa, olioak, ikatza, eta tabakoa erretzean. Ingurumenean daudenez, itsasora eta zelaietara iristen dira. Ondorioz, arrain eta laboreetan antzematen dira, batik bat.
  • Kozinatzeko modua:

    Bestalde, substantzia kutsatzaile horiek etxean bertan ere sor litezke janariak prestatzean honako prozesu hauetan: haragiak eta arrainak keztatzean, plantxan kozinatzean edo parrillan erretzean. Beraz, garrantzitsua da arrisku horien berri ematea kontsumitzaileei.

Zein elikagaitan aurki ditzakegu?

Arestian esandakoaren arabera, labore eta eratorrietan, arrain eta itsaski ketuetan, eta parrillan egindako haragian eta arrainetan aurkitzen dira ingurumen-kutsatzaile horiek, dela industria-prozesuen bidez, dela etxeko tenperatura tratamenduen bidez.

Neurri apalagoan, bestelako elikagai batzuek ere izan ditzakete konposatu toxiko horiek, hala nola: koipeak eta gantzak, tuberkuluak, lekaleak, esnea eta kafea.

Aipagarria da tabakoa benzopirenoekiko oso esposizio-iturri garrantzitsua dela; beraz, erretzaileek horrelako konposatu toxiko ugari kontsumi ditzakete arnasbideen bidez.

Zein eragin kaltegarri du osasunean?

Esperimentuetarako animalietan banakako HAPei buruz (gehienak benzopirenoak) egindako azterlanek adierazi dute zenbait eragin toxiko izan ditzaketela benzopirenoek. Nolanahi ere, aipagarriena da HAP asko kartzinogenoak direla animalietan eta tumoreak sor ditzaketela organo zein ehunetan. Minbizia hainbat modutan eragin dezakete: azalaren, arnasaren edo ahoaren bidez. Hori dela eta, benzopirenoa, gehien ikertu den HAP, "gizakiarentzat kartzinogeno probabletzat" hartzen da, nahiz eta HAP gehienak "gizakiarentzat kartzinogeno posibletzat" hartzen diren; izan ere, ez dago ebidentzia toxikologiko handiagorik.

Segurua al da elikagai horiek kontsumitzea?

Elikagaien Segurtasuneko Europako zenbait agentziak ikerketa-lanak egin dituzte jakiteko, batetik, zein den benzopirenoaren eta gainerako HAPen maila elikagaietan; eta, bestetik, horrelako zenbat konposatu kontsumitzen duten kontsumitzaileek. Ikerketa horien guztien arabera, arriskua baxua da giza osasunerako, benzopirenoen maila txikiagoa baita Europako legediak (1881/2006 (EE) Araudia) xedatutako muga baino. Nolanahi ere, laboreak eta itsaskiak neurriz kanpo kontsumitzen dituzten kontsumitzaileen artean arriskua eragin lezakete.

Hala ere, ikerketa guztiak bat datoz: azken 10-20 urteotan behera egin du benzopirenoen mailak prozesatu gabeko elikagai freskoetan (batik bat, laboreak). Eta, horren ondorioz, pentsa daiteke ingurumenean ere behera egin duela horien mailak.

Nola murritz dezakegu arriskua? Etxean kozinatzeko aholkuak

Ikusi da elikagai koipetsuak etxean prestatzeko teknikek (haragia, arrainak eta itsaskiak parrillan edo barbakoan egitea) areagotu egin dezaketela HAPen maila. Beraz, ez da komenigarria teknika horiez neurriz kanpo baliatzea. Ondorioz, gomendatzen da elikagai horiek frijitzea, labean prestatzea edo erretzea, horrela ez baita gehiegi areagotzen benzopirenoen maila.

Non aurki dezaket informazio gehiago?

Benzopirenos
Benzopirenos
Veiss www.elika.net

ELIKA . Granja Modelo, z/g . 01192 . Arkaute (Araba) . Telefonoa: 945 122 170 . Faxa: 945 122 171 . berri@elika.net